Bizitzeko modu bakarra sufrimendutik pasatzea zela
sinestarazi egin nahi izan zidaten. Mundu honetan dena ez dela justua buruan
sartu nahi izan zidaten. Dugunarekin bizitzen ikasi behar genuela bertze
batzuek guk dugunarekin amesten baitute. Sufritu dut, injustizia bizi izan dut
eta konformatu behar izan naiz, ez da azken aldia izango gainera.
Mundutik ihes egitea erabaki nuen bertzerik ez jasan
behar izateko. Beldurrei aurre egiteko modu errexena aurre ez egitea baita. Eta
horrela egin dut. Nonbait onartu ez banaute izan bertze leku batera joan izan
naiz iragana behin betikoz atzean utzi nahirik, izaera berri eta gogor bat hautatuz,
atzeko irudi haiek agertzen direnean ni ezagutu ez nazaten. Norbaiten bihotzera
ez banaiz egokitu nahiago izan dut sentimenduak hitzetan ito boligrafo baten
tinta zikinean, nire bihotzak isuritako malko odoltsuengatik zikina, paper
batek xurgatzen duen bitartean esperantza gabeko bertso hilekin batera. Zeozer
ez bada nire gustukoa bizitzatik kendu izan dut, irreala balitz bezala, munduan
ezarrita dagoen sistema hau hodeietan galdurik balitz bezala eta ametsetan
dagoen bakarra hura dela eta ez nire burua.
Gizona bihurtu naiz, Gai izan naiz edozein egoeratan nire
defentsak ateritzeko armak fabrikatzen. Malkoak barrenean gorde ditut bertan
usteltzen diren tristeza haziak lore beltz ilun eta arantzaz beteriko lorategi
beldurgarri batean bihurtuz. Gezurra erraten ikasi dut jendeak nire ahotik
ateri daiteken egia entzun ez dezan, haiek ez lituzketelako nire haina indar
egi hori onartu eta zapaltzeko, horrela gezur zintzo batekin haien ignorantzian
kontent eta alai bizitzen jarrai dezaten. Azkenik irtenbiderik aurkitu ezean,
sisteman murgildu naiz, nire burua bonbardatzen duen kontraesan zaratatsu
batean sartuz. Zer edo zer egin behar nuelako lana lortu dut, erantzun bat izan
dezadan betiko galdera memelo horri: “zer egiten ari zara zure bizitzarekin?”
Nazkatu naiz eta behingoz haserretu nahi dut, beraz
utzidazu lerro honetan zuri pikutara bidaltzen!
Mila esker, hobe sentitzen naiz.
Harrigarria da ikusteak nola ematen ditun bueltak
bizitzak. Buelta hitza erabiltzen dugu, izan ere beti ardatz berdinean mugitzen
baita nahiz eta norabide desberdinak hartu eta erabili. Nire kasuan ardatza
nire ametsetan egokitzen da. Mila leku desberdin, pertsona ala bizipen ezagutu
izan ditut baina beti helburu berdina errepikatzen zait buruan. Ez da inoiz
aldatu eta ez du inork aldatu ahal izango inoiz. Dena ardatz berdinean mugitzen
doala eta zure norabidea egokia dela uste duzun bitartean, dena ongi dagoela
uste duzu eta bat-batean…
Heriotza zure parean ikusten duzu, zurekin jolasean, zure
kristalezko arima hauskorrak kilimatuz. Kotxeko atzeko gurpilak dantza egiten
du “high-way to hell”-en erritmoan, kolpe batez zure ustetan inoiz ateri ahal
izango ez zaren zulo batera eramenez. Begiak irekitzen dituzu eta hor zaude,
infernuak gaur ez zaitu zurekin eraman izan nahi. Ongi nago, inoiz baino
bizigorik.
Gaur ernatzen naiz, begiak guztiz irekirik ditut eta
ingurura begiratzen dut. Alde egiteaz nazkaturik inguruan duten guztiari
eskerrak ematen dizkiot, dudanarekin alaitsua bainaiz baino indarrak bilduko
ditudalako, zure ondoan, guretzako bizi ongarriago bat eraikitzen. Ene bizitzan
parte hartu izan eta hartzen duen guztiari, maitasuna ezagutzeko eta bizitzeko
prest bainago orain inoiz baino gehiago. Negar egiteko askatasunari, ene
malkoak ni askatu eta lur honetan itxaropentsu hazi daitezen. Sufrituko baitut,
mina hartuko baitut, baino batezere gozatuko baitut nire helburuak hurbilago
ikusterakoan.
Utzidazu beraz azken lerro honetan nire ardatzean
mugitzen den guztiari eskertzen, maitatzeko gogoa eman izanagatik.
No hay comentarios:
Publicar un comentario