jueves, 26 de febrero de 2015

HELBIDE OKERREKO POSTALA


Galdera ederra bota didazu ba niri, mundu honetako maitale finenetakoari. Zer da maitasuna? Zer, nor, zertzuk edo nortzuk, gehiago zehaztu genezakeela uste duzu? Hara, galdera bat bota didazu nik erantzungo dizudalakoan. Galdetu diot galderari ea berak zer edo zer zekien, baina oso zalantzakorra azaldu zait hura. Beraz zuregana jo dut, gaua, galderaren erantzuna izarren azpian jasoko ote zen itxaropenarekin.

Gaua, polit hori, zu zara ordu hauetan erne dagoen bakarra, luza nazazu eskua arren. Egunari galdetu diot baina hark ezin izan dit erantzun. Horregatik jo dut, gaua, zuregana. Zu, bakardadearen eta iluntasunaren eramailea, galdera egin dizut eder hori, zer da ba maitasuna? Eta izarretan irakurri dut zure mezua: <<Gazte, zuk inork baino hobe dakizu>>.

Maitasuna da indarra eta zirrara, ahulezia eta negarra, ahala eta ezina. Maitasuna da aldapa batean beherantz joatea, bukaeran amildegiarekin topatuko zarela jakinik eta bertan buruz behera botatzeko edo gora arrastaka bueltatzeko erabakia hartu behar izatea. Maitasuna da behar duzunerako hitzik ez aurkitzea.

Gauero ilargiari begiratzea da maitasuna, bertan zure begirada aurkitu nahian. Aurrera begiratzen dudan heinean zure irribarrearekin topatzea da maitasuna. Haizeak gorputza laztantzen nauenean zure ilearen leuna sentitzea da maitasuna. Begiak ixten ditudan bakoitzean zurekin amestea da maitasuna, o gaua, ene maitea.

Maitasuna zubi bat zeharkatzea da, atzean iraganeko paisaiak uztea eta bertze aldean gure ametsetako irudiarekin topatzea. Maitasuna zubi erdian zaudelarik orekan bizitzea da, aurrean duzunari aurre egitearen beldurra edo atzean gelditu diren bizipenak berriz jasan behar izatea. Maitasuna zubia begi itxiekin zeharkatzea da, bertze aldera igarotzea ametsekin parez pare topatuz eta begiak zabaltzerakoan errealitatearekin aurkitzea.

Zer den maitasuna galdetu didazu, nik ordea maitatua izatea zer den galdetzen dizut. Ezin banauzu maita, nahiago baitut nire hitzetan ito.

Eta ito itoko naiz, zure arnasaren sakonean ala zure itzalak utzi duen hutsunean. Izan ere ez da lehen aldia barre bat lapurtzen didazuna eta are gutxiago hau ez da izango ateriko didazun azken malkoa. Eta negar malko baten doinuan idazten dizut, ezin baitut zure falta gabe bizi. Poeta baten prosa bakartiaren soinutik, errimarik gabeko koplaren fruitutik, maite dudalako zure giza ez perfektua, eguzkiak ezin baitu putzu baten sakona argitu. Gauari kantatzen badiot, ilargian zu ikusten zaitudalako da eta iluntasunak nire izara hotzen estalkia bereganatzen duenean besarkatzen ditut izarrak berotasunaren bila, amets hutsa bihurtu baita zure besoetan egon nahia.

Biluzik ateri naiz zeru ilunera sekretu eta misterio guztiak azalean utzirik. Arimak hartu du luma eta idatzi du paper gainean zuri eskainitako olerkia, baina haizeak eraman du maitasun hitzak airean zabalduz. Zerutako jainkosa arren eskatzen dizut entzun dezazula nire otoitza, negar garrasi batean ito nire poza eta ekaitzik bortitzenean kantu hau xuxurla iezaiozu.

Eta orain hemen aurkitzen gara, galdera baten erantzuna izango zena, helbide okerrera bidalitako maitasun postal batean bilakatu delarik. Agian orain hasierako galdera zalantzakorragoa izango da, baina norbaitek argitasun gehiagorekin azaltzea lortzen badu, duda barik maitasunari buruz ez dauka ideiarik ere.


Maitasuna, arima gabeko gizaki batek egun bat soilik dedikatu zintuen urtean, egun horretan zu produktu bihurtuz eta jendeari maitasuna erosi ala saldu egiten ahal den gauza bat balitz bezala sinestarazi nahian. Zorionez, maitasuna ezin da salmentan jarri eta guztion eskutan dago, agian horregatik ditugu gizakiek hain bertze galdera. Beraz, zergatik dedikatuko diogu egun bakarra maitasunari egunero maitasuna inguruan bana badezakegu? Eta jaun andreok, zuen onerako, galdera honek ez du erantzunik espero.

No hay comentarios:

Publicar un comentario