jueves, 22 de enero de 2015

ORRAZIA GALDU ZUEN LAMIA

Bidasoako arrainek dakite, badela sekretu bat ibaiak gordetzen duena. Noizean behin haizeak xuxurlatzen duenean haren kantua kulunkatzen duena airean. Euriak daki soilik zeinen goxoa den haren urrezko ilea laztantzea. Mendiek diote egunsentia haien bizkarretik goitzen den momentuan, eguzki izpi batek argitzen duela harri gainean orrazten dabilen lamia.

Arrantzale bat zubian zegoela, amuak seko kolpatu zuen bere kanabera ur azpin urperatzen zela ikusten zuen bitartean. Bi aldiz pentsatu gabe, atzetik bota zen buruz betti, ur azpin zeuden harriei jaramonik egin gabe. Ibaiak pista gorri bat margotu zuen bere ibilbidean, korronteak pixkanaka-pixkanaka odola zamalkatuz erreka betti, han harri gainean zegoen lamiaren hanketaraino ailegatuz.

Eguzkiak ernatu zuen arrantzalea, begiak erdi irekirik ezin zuen jakin ametsetan ez ote zen oraindik. Urrezko orrazi bat eskutan zuela goiz-argia baino goxogoa den ahots batekin kantatuz. Ile distiratsu eta leuna bere gorputzara itsatsirik, inoiz ikusi ez den jauntzirik ederrena formatzen zuen. Burua biratu zuenean haizeak lagundu zion bere mugimenduan arrantzalearen aurpegia berotasunez laztanduz eta bien begiek topo egin zutenean hura izan zen eguzkia eta ilargia lehen aldiz elkartu ziren eguna.

Goizero juaten zen arrantzalea lamiaren kantua entzutera, egunez egun elkarri abentura eta sentimentu berriak bizi eta kontatuz, sekula idatzi ez den maitasun ipuin amaigabea idatziz. Halako batean lamiak zera erran zion arrantzaleari:

-Ene mattia, zuk ur guztiak ezagutzen dittuzula, bada ibaiko ura hiltzen den tokian, ur berri baten jaiolekua. Arrainek erran didatenez itsasoaren izena dauka eta kontatu nautenaren arabera, baita ibaian dauden bizidun guztien ametsak batera, ttikiak gelditzen direla itsasoko edozein bazterretan. Egia da itsasoa existitzen dela?

-Noski egia dela!- Erantzun zion harriturik arrantzaleak.

-Banekien nik! Errekako landareek eroa nengoela zioten, amesteari utzi behar niola behingoz. Mendiek nire lekua errekan zegoela eta ez bertze inon zioten. Haizeak egunero dio nire beharra daukatela hemen, erreka honek ni gabe ezin duela bizi. Bino ni ez naiz egina erreka batean bizitzeko, itsasotan bizi nahi dut korronte basatiekin batera kulunkatuz eta itsaspeko unibertsoan murgilduz.

-Orduan zer gertatuko da gu biokin? Nik ezin dut itsaspean bizi.- Begiratu zion arrantzaleak zuzenki.  lamiaren aurpegian negar malko batek bere irrifarra inguratzen zuela, honela erantzun zion:

-Betirako izango zattut bihotzean ene mattia.

Haserraldi bizi batean arrantzaleak bortizki kendu zion eskuetatik urrezko orrazia lamiari eta korrika ihes egin zuen bertatik.

Egunak pasa ziren arrantzalea bere etxetik ateri ezinean zegoela, hain bertze negar idortzeaz eskuak zimurturik zituen jada. Berokeikeriaz jokatu zuela konturatu zen eta korrika joan zen ibaira. Bat-batean bere pausuak eten ziren bere aurrean zeukana sinetsi ezean. Herritar multzo bat oihuka eta garrasika zegoen borobil batean bildurik, erdian zulo bat sortuz eta zulo hartan kokatua zegoenari harriak botaz. Arrantzaleak begiak behin eta berriz igurtzi zituen borobil horren barruan zegoena ikusterakoan. Ileak zurrunbilo batean nahasirik zituela negarretan zegoen lamia. Malkoek bere azala xurgatu zuten ezurretan zegon aurpegian goibeltasuna marraztuz. Gorputza hotzarengatik dar-darean, besoekin inguratzen zuen bere gorputza harri gainean botata.

-Alde hemendik piztia!- Oihukatzen zuten herritarrek.        
                                          
Borobil erdira salto bat eginez denak isildu zittun arrantzaleak kolpe batean.

-Begira honi!!! Urrez eginiko orrazi bat daukat eskutan, nahi duenak har dezala!!!- Bere indar guztiekin orrazia errekaren bertze aldera bota zuen.  “Neria da! Neria da!” oihukatzen zuten herritar guztiek, elkarri bultzatuz orrazian atzetik juaten zirela. Alkandora kenduz lamiaren gorputz biluzia inguratu zuen bere ondoan eserita.

-Zer gertatu zaizu? Ia ez zaittut ezagutu egin ere.- Galdetu zion arrantzaleak lamiari.

-Nire aitormen guztiak kontatu nizkizun, konfiantza nuen nire ametsak ulertu eta onartuko zenituelakoan. Eskapo egin zenun ordea, nire esperantza guztiak zurekin eramanez. Ametsak lapurtu zenizkidan eta horrekin batera nire zoriontasun guztia amildu zen.-Erantzun zion lamiak.

-Konturatu egin naiz helduek bezala jokatu nuela, ezin nuen onartu nire biziari zentzua eman dion pertsona bakarrak nire ondotik alde egitea. Egun hauetan barneko haurrak solastu dit ordea, berak gogorarazi nau zein ederra den ametsetan bizitzea eta zein dibertigarria den bertzeei amesten uztea. Itsasoetako lamia zara eta itsasoa zuri espetzen dabil. Nik goizari kantatzen zion ahots eder horrekin segitu nahi dut amesten eta zu alai bazara soilik, haizeak egunero xuxurlatuko dit bere baitan garraiatzen duen zure kantua.-

Bidasoako arrainek dakite, badela sekretu bat arrantzale baten irrifarrean. Noizean behin haizeak xuxurlatzen duenean, arrantzalea  dantzari hasten dela besoak zabalik. Euriak daki soilik ibaiaren bukaeran izaki berri bat jaio dela. Mendiak diote egunsentia itsasoan marrazten denean, burua ateritzen duela lehen eguzki izpiak lamiaren begiak argi dezaten.

No hay comentarios:

Publicar un comentario