jueves, 22 de enero de 2015

BIHOTZEAN GORDETAKO IRUDIAK

Gogoan dut oraindik sendatutako lehen zauria, negar malkoak eten ziren eta zuk eragindako irri alaitsuak itxi zuen ebakia. Gogoan dut asteazkenero prestatzen zenidan bokata handia, saldak iskin guzietatik ihes eginik eskolako lanak perfumatzen zituen. Gogoan dut zure begirada, oroitzapenetan galdurik gaztaroko istorioak kontatzen zenizkidanean. Milaka irudi ditut gogoan zure maitasunaren adierazle.

Oraindik ere egongelako paretan dirau 8 urterekin oparitu nizun margoak: zalduna bere abenturatik etxera itzuli da behingoz eta bertan familia guztiak besoak zabalik jasotzen du. Nik kontatzen nizun egunen batean dragoiaren buruarekin etxera itzuliko nintzela, zuk sekulako salda presta zenezan. Muxu bat masailetan emanda, argia itzalirik izarrekin amesten nuen.

Gaur argia piztu egiten dut eta hor zaude berriz, sofan eserita hormari begira. Eguerdiko pastilla hurbiltzen dizut eta zuk deus erran gabe hartu egiten duzu zure gauzetan jarraiturik. Aurrera begiratzen jartzen naiz, zuri hain bertze denbora kentzen dizun horren bila jarriz. Alferrik. Musika piztu egiten dut giroa hobetzeko eta lotsak ahaztuz kantari hasten naiz zure begirada desbideratu nahian; “amona hemen naiz! Zure ilobarik gogokoena!”. Zure ahotik irri bat ateratzea lortzen dut, baina maitasunik gabeko irri baten itzala bertzerik ez dut sumatzen. Batzuetan galdetzen diot nire buruari ea zintzoak izan garen zurekin, ea zuk emandako amodio guztia noizbait itzuli izan genizun.


Asteazkena da eta berriz gerturatu naiz zure etxera. Aterki bustiak bere arrastoa uzten du bidetik. Komunerantz hurbiltzen naiz eta sorpresak eten egiten du nire martxa. Ahots batzuk ihes egiten dute zure logelako ate erdi irekitik. Bultza egiten dut atea zaratarik atera gabe eta hor zaude zu ohean etzanda eskutan album zahar bat daukazula. Barreak negar malkoekin nahasten dira zure aurpegiko zimurrak leunduz. Mugimendu batez burua biratzen duzu, nire harridura begiradarekin parez pare topo eginik. Nire eskuetatik zintzilik dirauen aterki bustia dudala honela diozu: “Kaixo ene zalduna”.

No hay comentarios:

Publicar un comentario